Lan Probaren protokoloa (PoW): sariak “erronka kriptografikoak” ebaztearen truke
Lan Probaren protokoloaren (Proof of Work o PoW) arabera, transakzioak dituen bloke berri bat bloke-kate batean (blockchain) sartu ahal izateko, erronka kriptografiko bat ebatzi behar da proba- edo errore-prozesu baten bidez.
Blockchain sareak baliozkotzen parte hartzen duten meatzariek PoW adostasun-mekanismoarekin funtzionatzen dute, eta erronka kriptografikoak ebazteaz arduratzen dira. Irtenbide hori aurkitzeko, ordenagailu bat edo elkarren artean konektatuta dauden hainbat ordenagailu behar dituzte, eragiketa matematiko ugari egiteko gaitasun konputazionala izateko, harik eta emaitza zuzena lortu arte. Erronka kriptografikoa ebazten duen lehen meatzaria transakzioen blokea baliozkotzen duena da, eta, beraz, dagokion saria jasotzen duena.
Erronka kriptografiko hori parametro bat aurkitzean oinarritzen da, “nonce” bezala ezagutzen dena. Horrela, proposatutako bloke batean sartzean, “hash” funtzioaren kalkuluak bilatutako emaitza eman behar du. Funtzio horrek, tamaina edozein izanda ere, edozein datu luzera finkoko karaktere-multzo bihurtzen du (zenbakiak eta letrak), eta karaktere horietatik ezin da ondorioztatu zer daturen gainean kalkulatu den. Hortaz, froga eta errore bidez bakarrik aurki daiteke. Blokearen edukia (bertan erregistratutako transakzioak) input delakoa da, eta horri “nonce” desberdin bat gehitzen zaio segidan, eta hash funtzioa kalkulatzen da, ezarritako erronka betetzen duen output-a lortu arte.
Erronka ebaztean, blockchain-ari gehitzen zaion bloke bat sortzen da, eta, beraz, bertan jasotako transakzioak baieztatzen dira, meatzarientzat kriptoaktibo gisa sari berriak sortzearekin batera.
Modu horretan, prozesuak honela funtzionatzen du:
- Nodo ezberdinen bidez, memoria batean (“mempool”) gordetzen diren transakzioak transmititzen dira.
- Meatzari bakoitzak transakzio horien kopuru bat biltzen du bloke batean, eta bloke horren gaineko hash funtzioak kalkulatzen hasten da, “nonce-a” aldatuz, emaitzak erronka betetzen duen arte. Erronka da emaitza horrek zero kopuru jakin bat izatea ezkerrean; hots, zenbaki jakin bat baino txikiagoa izatea.
- Meatzariak “elkarren artean lehiatzen dira”, erronka kriptografiko hori proposatutako blokean ebazteko eta, horrela, blokea baliozkotzeko.
- Meatzari batek erronka ebaztea lortzen duenean, irtenbide hori sareko gainerakoekin partekatuko du, beste nodoek baliozkotu dezaten, eta eskatutako baldintzak betetzen dituela berrikusiko du.
- Erronka kriptografikoaren ebazpena baliozkotzen bada eta, beraz, blokeko transakzioak baliozkoak direla egiaztatzen bada, nodoak saria jasotzen du lan egiten ari den bloke-kateari (blockchain) lotutako kriptoaktibo eran. Horrez gain, sarean transakzioak erregistratzea proposatzen duten nodoek ordaintzen dituzten transakzio-komisioak ere jasotzen ditu meatzariak.
Lan Probaren Protokoloaren alde onak eta txarrak (Proof of Work edo PoW)
Abantailen artean, honako hauek aurki ditzakegu:
- Deszentralizazioa: sarean blokeak sortzeko eta baliozkotzeko edonori ematen dio parte hartzeko aukera.
- Segurtasuna: seguruagoa da bloke-katea (blockchain) hackeatzeko eta gastu bikoitza egiteko edo transakzioetako informazioa aldatzeko behar den potentzia konputazional handia behar izateagatik. Zenbat eta nodo baliozkotzaile gehiago izan sarean, orduan eta seguruagoa izango da.
Kontrako aldean, honako desabantaila hauek daude:
Energia-kontsumoa: Aurretik zehaztutako moduan, meatzariek ‘elkarren artean lehiatu’ behar dute erronka kriptografikoa ebatzi eta, modu horretan, bloke berriak baliozkotu eta sortzeko eta horren truke sariak lortzeko. Horretarako, nodoak etengabe aritzen dira lanean, eta energia elektrikoa izugarri kontsumitzen dute; beraz, arazo bilakatu da ingurumenaren eta iraunkortasunaren aldetik. Uste da Bitcoin sareari lotutako urteko energia-kontsumoa Argentina bezalako herrialde bateko energia-kontsumoaren antzekoa dela.
- %51ko erasoak: %51eko erasoak gertatzen dira meatzari-talde batek sare bateko kalkuluaren ahalmenaren %51 edo gehiago kontrolatzea lortzen badu; izan ere, horrekin bloke-katea (blockchain) manipulatzeko ahalmena izan dezakete. Hala ere, %51ko erasoak zailak eta garestiak diren arren, bereziki nodo berriak gehitzean sarea gehiago deszentralizatzen den heinean, horiek gertatzeko aukerak kezka handia sortzen du.
- Geldotasuna transakzioetan: adostasunaren funtzionamendua dela-eta, blokeak sortzea eta baliozkotzea prozesu motela izan daiteke, eta horrek bloke-kate bateko (blockchain) transakzioen baliozkotzea atzeratu dezake. Adibidez, Bitcoin sareak bloke berri bat baliozkotzen du 10 minututik behin, gutxi gorabehera (eta, beraz, transakzioak ez daude baliozkotuta eta ez dira irmoak tarte horretan). Beraz, ohiko ordainketa-sistema batzuk baino dezente motelagoa da; hala nola, kreditu-txartelak edo berehalako transferentziak.