Saltar al contenido principal

Bitcoina

Bitcoina 2009an sortutako kriptoaktibo bat da, pertsona edo pertsona-talde ezezagun batek sortua Satoshi Nakamoto izengoitiarekin. Hasiera batean, helburua finantza-bitartekorik gabeko ordainketa-sistema berri bat sortzea zen. Baina, gaur egun, batez ere inbertsio-tresna gisa erabiltzen da, merkatu-balioa justifikatzen duen babes edo oinarri ekonomiko argirik ez izateagatik eta herrialde bakar batean ere legezko monetaren estatusera iristen ez delako

Bitcoina “kriptodirua” izenekoen lehen sorrera izan zen. Hain zuzen ere, diru tradizionala ordezkatzeko helburuarekin sortu ziren, banku komertzialek zein banku zentralek egiten duten finantza-bitartekaritza ezabatuz. Kriptodiruek, ordea, ez dituzte dirutzat hartzeko hiru ezaugarri definitzaileak betetzen: ordainketa-bidea, balio-gordailua eta kontu-unitatea. 

Teoria ekonomikoak dirua ez du bere izaeragatik definitzen, dituen funtzioengatik baizik. “Dirua sozietateak kontu-unitate, balio-gordailu eta ordainketa-bide gisa erabiltzen dituen tresnek osatzen dute”. Hiru baldintza horiek aldi berean bete behar dira. Dirutzat har daitezkeen tresnak aldatu egin dira historian zehar (adibidez, maskorrak, gatza, metal preziatuak, etab.).  

XIX. mendeaz geroztik eta 1971. urtera arte, dirua urreak babesten zuen hainbat modutan; horrela, ‘urrezko patroiaren diru-sistema’ deitzen zitzaion, eta, beraz, diruaren balioa, hasiera batean, urre gramo bihur zitekeen, urrea zuten herritarrek hala eskatzen bazuten. 1971tik aurrera, ‘urrezko patroi’ hori alde batera utzi zenez, geroztik dirua ez dago aktibo fisiko baten babespean, eta hori ‘diru fiduziarioa’ bezala ezagutzen da.         

Gaur egun, dirutzat hartzen dira banku zentralak jaulkitako billeteak eta monetak nahiz banku komertzialek gordailuak biltzeko eta kreditua emateko jardueraren bidez sortutako dirua. 

´Diru fiduziarioa´ herritarrek herrialdeko Banku Zentralekiko edo diru-arloan duten konfiantzan oinarritzen da. Hori dela-eta, erakunde horien ospea funtsezkoa da legezko monetaren aintzatespena duten billeteak eta monetak beste herritar edo enpresa batzuek onartzeko, obligazioak azkentzeko. Diruak historikoki izan duen eta duen babes hori guztia ez du ez bitcoinek ez kriptoaktiboek. 


Zergatik kriptodirua ezin dira “dirutzat” hartu?:

  • Konku-unitatea:
    hegakortasun handia dutenez, kriptodiruak ezin dira tresna fidagarritzat hartu produktu eta zerbitzu desberdinen merkatu-balioa neurtzeko.
  • Balio-gordailua: 
    halaber, hegakortasun handia dela-eta, kriptodiruak ezin dira tresna fidagarritzat hartu denbora igaro ahala balioari eusteko.
  • Ordainbidea: 
    kriptodiruak ez dira ordaintzeko modu gisa onartzen herrialde bakar batean ere, El Salvadorren izan ezik, Bitcoina herrialdean legezko moneta bezala onartu baitu1.

Bitcoina sortu zenean, honetarako sortu zen: 

  • ​​​​​​​Bitartekorik gabeko finantza-transakzioak egiteko “ordezko moneta” baten egitekoa bere  gain hartzeko. 
  • Finantza-transakzioen kostua murritzeko aukera bat eskaintzeko, erabiltzailetik erabiltzailera sare bat erabiliz (peer to peer). 
  • Moneta deszentralizatu” batekin funtzionalki parekatzeko, erabiltzaileek ordainketak muga geografikoetatik bidaltzeko eta jasotzeko aukera izateko, transferentzia tradizionaletan behar den baino denbora gutxiagoan


Bitcoina eta kriptoaktiboak, oro har, zergatik izan dira hain arrakastatsuak 2009an sortu zirenetik? 

Dakigun moduan, kriptoaktiboak bloke-katea (blockchain)2izeneko teknologia berritzaile batean oinarritzen dira, eta horrek onura ugari izan ditzake prozesuen automatizazioaren eta integrazioaren eta erregistroen kontrolaren aldetik. Baina, teknologia hori legezko dirua ordezkatu dezaketen “kriptodiruak” garatzeko erabiltzea mugatua da. 

Hortaz, hori kontuan hartuta, kriptoaktiboen alderdi positiboak eta negatiboak defini ditzakegu. 

Positiboak: 

  • Banatutako Erregistroen Teknologiaren potentzial handia. Horrek prozesuen automatizazioa eta segurtasun-bermea ahalbidetzen ditu, eta horrek, aldi berean, aurrerapen esanguratsuak izan ditzake finantza-merkatuen funtzionamenduan. 

  • Kriptoaktiboen programagarritasuna. Horrek esan nahi du aktibo digital horietako batzuek gaitasuna dutela instrukzio-multzoak kode informatikoaren forman sartu ahal izateko, “kontratu adimendunak” (smart contract-ak) izenekoen bidez.

Negatiboak: 

  • Hegakortasun handia: Bitcoinaren balioa oso hegakorra da, eta gorabehera handiak izan ditzake denbora-tarte labur batean. Ondorioz, Bitcoin bat erosteak arrisku izugarria izan dezake, eta inbertitutako kapital guztia gal daiteke. Izan ere, Bitcoina ez dute aktiboek babesten; Bitcoinaren balioari harengan konfiantza duen komunitateak eusten dio. 

  • Segurtasun mugatua: kriptoaktiboekin egiten diren transakzioetan ez dago atzera jotzerik, itzulezinak dira, eta, beraz, hutsegitez diru-zorro (wallet) batera transakzio bat egiten bada, ez dago hura berreskuratzeko modurik. Gainera, diru-zorro digitalak hackeatu egin daitezkeenez, inbertitutako funts guztiak gal daitezke, eskumeneko erakundeen aurrean errekurtsoa jartzeko aukerarik izan gabe. 
  • Onarpen mugatua: kriptoaktiboak ordainbide gisa onartzea oso mugatuta dago oraindik. 
  • Iruzur-arriskua: merkatu horiek erregulatzen hasi berriak dira, eta ikuskatzaileek, profesionalek eta erabiltzaileek esperientzia mugatua dute finantza-merkatu tradizionalarekin alderatuta. Hori dela-eta, iruzurrekin loturiko egoerak agertzeko arrisku handia dago. Terra-Luna edo FTXen kasu berriak horren adibide argiak dira. Europako araudi berria 2024ko abenduaren 30ean hasi ziren aplikatzen (MiCA Erregelamendua), eta bertan arrisku horietako batzuk arinduko dituen arau-esparru bat jasotzen da, nahiz eta finantza-tresna tradizionalei aplikatu beharreko araudiaren eskakizun-maila bera ez izan. 
  • Eskalagarritasun mugatua: Bitcoinen transakzio bat erabiltzaile baten eskutik beste baten eskura iristeko, sareak transakzio hori baliozkotu behar du. Sarearen saturazioaren arabera, ordea, transakzio batek 10 minututik hasi eta zenbait ordu artean iraun dezake, zein ordutan egiten den kontuan izan gabe. Horrez gain, Bitcoinen sarean transakzioak egitearen kostua oso handia da. Arazo hori arintzeko, Bitcoinen sarean oinarritzen diren irtenbide teknologikoak garatu dira, transakzio bakoitza erregistratu behar izan gabe, eta Bitcoinen modu intentsiboan erabiltzeko aukera eman dezakete (adibidez, Lightning).


1 Afrika Erdiko Errepublikak ere Bitcoina legezko moneta gisa onartu zuen 2022an, baina handik urtebetera alde batera utzi zuen. 

2 Bloke-kate bat (blockchain) Banatutako Erregistroko Teknologia-mota espezifikoa da (Distributed Ledger Technology)