Glosarioa
- Abala
Berme-mota bat da; alegia, pertsona batek –abal-emailea– beste pertsona batek –abalduna– bere gain hartutako obligazioari erantzuteko duen konpromisoa hartzen du, abaldunak betetzen ez badu.
- Administrazio-kontseilua
Sozietate baten gobernu-organoa da, eta Akziodunen Batzar Nagusiak izendatutako zenbait kidek (administratzaileak) osatzen dute. Sozietatea kudeatu, administratu eta ordezkatzen dute. Kotizatutako sozietateetan, Kontseiluak jarduteko printzipioak zehazten dituzten arau batzuk izan behar ditu (Kontseiluaren Erregelamendua).
- Agentea
Inbertsio-zerbitzuetako enpresek, kreditu-erakundeek edo aseguru-etxeek gaitutako pertsona fisikoak edo juridikoak dira, finantza-produktu eta -zerbitzu batzuk merkaturatu eta ematean ordezkatu ditzaten. Ikus ORDEZKARIA eta MiFID.
- Ageriko gordailua
Kontu horretan, gordailuan utzitako dirua edozein momentuan eta aldez aurretik abisatu gabe atera daiteke.
- Agindurako txekea
Izendun txekea; hau da, pertsona baten izenean bete eta berak bakarrik kobratu dezakeena.
- Aktibo finkoa
ktibo ibilgetua ere deitzen da. Enpresa bateko ondasunak eta eskubideak dira, salmentarako erabiltzen ez direnak, enpresaren funtzionamendua eta jarraipena ziurtatzeko helburua izateagatik. Aktibo-mota horren ezaugarria da enpresan epe luzean izatea, normalean hamabi hilabete baino gehiago. Aktibo horiek ondasunaren bizitza osoan zehar amortizatzen dira.
- Aktiboa
Sozietate baten ikuspegitik, aktiboak beren ondasun guztiak (higiezinak, salgaiak…) eta kobratzeko eskubideak (zor diotena) dira.
- Aktiboko eragiketa
Kreditu-erakunde batek egindako edozein eragiketa, lortutako funtsak askotariko aktibotan inbertitzeko (mailegu bat bezero bati, akzioen erosketa, etab.). Horrela deitzen da kontabilitateko idatzoharra kreditu-erakundearen balantzearen aktiboan egiten delako.
- Akzioa
Balore higigarria, sozietate baten kapital sozialaren zati proportzionala ordezkatzen duena. Beraz, akzioak dituena enpresa baten bazkide-jabea da, duen partaidetzaren proportzioan. Konpainia likidatuz gero, akzioduna kobratzen azkena da beti (langileen, hartzekodunen eta bonu edo obligazioen jabeen ondoren). Ikusi DIBIDENDUA eta BERTARATZEKO ETA BOZKATZEKO ESKUBIDEA.
- Akziodun minoritarioa
Oro har, akziodun txikiak izendatzeko erabilitako terminoa da; hau da, konpainian eragiteko gaitasun gutxi edo batere ez (taldean jardun ezean) duten akziodunak izendatzeko.