Saltar al contenido principal

Erregulazioa

MiCA Erregelamendua (markets in crypto-assets) 2023ko ekainean argitaratu zen; bertan, Europar Batasunean aplikatu beharreko araubidea ezartzen da, kriptoaktiboen jaulkipena, eskaintza eta negoziaziorako onarpena arautzeko eta ikuskatzeko; baita kriptoaktibo-zerbitzuen hornidurari dagokiona ere. 

Erregelamendu hori partzialki aplika daiteke 2024ko ekainaren 30az geroztik; zehazki, “moneta egonkorrei” buruzko arauak aplika daitezke (aktiboei buruzko fitxak eta diru elektronikoaren fitxak). 

2024ko abenduaren 30az geroztik, Erregelamendua aplika dakieke, baita ere, gainerako kriptoaktiboen jaulkipenari nahiz kriptoaktiboen zerbitzuak emateari.  

Erregelamendu hau aplikatzearekin, funtsezko aldaketak gertatu dira Espainiako kriptoaktiboei buruzko aurreko erregulazioan: batetik, Espainiako Bankuaren moneta fiduziarioko moneta birtualaren truke-hornitzaileen erregistroa soilik informazio-ondorioetarako mantenduko da, 2024ko abenduaren 30etik aurrera ez baita erakunde berririk inskribatuko, eta CNMV arduratuko da arau honen mende dauden erakundeak baimentzeaz, erregistratzeaz eta ikuskatzeaz. Bestetik, CNMVk 2022ko urtarrilaren 10ean emandako 1/2022 Zirkularra, kriptoaktiboei buruzko publizitatearen eta kriptoaktiboen gaineko kanpainetako publizitate-mezuen edukia eta formatua arautzen zituen jokabide-arauaren ingurukoa, 2024ko abenduaren 27an indargabetu da. ​​​​​​​

MiCA Erregelamenduaz gain, badira kriptoaktiboen inguruko hainbat arlo arautzen dituzten beste arau batzuk ere: 

  • Lehenik eta behin 
    bankuek kriptoaktiboen aurrean duten esposizio handiak finantza-egonkortasunerako izan dezakeen arriskua murrizteko, Banku Ikuskaritzako Basileako Batzordeak proposatu du bankuei kapital-baldintza zorrotzagoak eskatzea, kriptoaktiboak izateagatik. Estandar hori, berezitasun eta guzti, Europar Batasunean sartu da kreditu-erakundeen Kapital Betekizunen Erregelamendua berrikusteko lan berrian.
  • Bigarren
    kriptoaktiboen zerbitzuen hornitzaileek (CASP) jasan ditzaketen zibersegurtasun-arriskuak murrizteko, kriptoaktiboen salerosketa ahalbidetzen duten plataformak edo moneta egonkorren (stablecoin-ak) jaulkitzaileak diren aldetik, 2023ko urtarrilean EBko DORA erregelamendua sartu zen indarrean, eta sareen eta informazio-sistemen zibersegurtasunari dagokionean baldintza uniformeak ezartzen ditu. 
  • Azkenik 
    kriptoaktiboak dirua zuritzeko, terrorismoa finantzatzeko edo legez kanpoko bestelako jardueretarako ez erabiltzeko, hainbat neurri hartu dira. Nazioartean, 2018ko urrian, Nazioarteko Finantza Ekintzako Taldeak bere estandarrak eguneratu zituen kriptoaktiboen jardueretan duten aplikazioa argitzeko. Europan, kapitalak zuritzearen aurka borrokatzeko arau-sorta berriak kriptoaktiboen transferentzien jarraipena egiteko aukera handitzeko arauak sartzen ditu, eta kriptoaktiboen zerbitzuen hornitzaileak kapitalak zuritzeko prebentzioaren arloan behartutako subjektu gisa izendatzen ditu.