Diru-zorroak (Wallets)
Diru-zorro bat (wallet) kriptoaktiboak biltegiratzeko, kontrolatzeko, bidaltzeko edo jasotzeko balio duen tresna digitala da.
Hizkuntza teknikoago batean, diru-zorroa (wallet) software edo gailu bat da, eta helbide bati edo gehiagori lotutako gako pribatuak gordetzen ditu bloke-kate batean (blockchain).
Hainbat motatako diru-zorroak daude. Horietako bakoitzak eskaintzen dituen abantailak eta desabantailak aztertzea garrantzitsua da, gure premietara hobekien zein egokitzen den zehazteko.
Diru-zorro hotzak (edo cold wallets) kanpoko gailu fisikoak dira, normalean Internetera etengabe konektatuta ez dauden USB gailuak (bloke-kate batean (blockchain) jarduteko konektatu egin behar dira), eta, beraz, segurtasun-maila handiagoa ematen dute. Internetera etengabe konektatuta ez daudenez, zibererasoak jasateko arrisku txikiagoa dute. Diru-zorro horiek ezagutza eta trebetasun jakin batzuk izatea eskatzen dute, modu eraginkorrean eta seguruan erabiltzeko.
Bestalde, diru-zorro beroak (edo hot wallets) ordenagailu, tablet edo smartphone batean instala daitezkeen software gailuak dira; eguneroko eragiketak egiteko arinagoak eta erabiltzeko errazak dira. Ekipoetan instalatuta eta Internetera etengabe konektatuta daudenez, eraso informatikoak jasateko arrisku handiagoa dute.
Kokatutako diru-zorroak (hosted wallets). Kriptoaktiboen erabiltzaile askok kontuak truke-plataformetan (exchanges) irekitzea hautatzen dute. Kasu horietan, kriptoaktiboen kontrolaz truke-plataforma (exchange) arduratzen da, erakunde horrek zaintzen baititu diru-zorroen gako pribatuak. Hori kokatutako diru-zorroa (edo hosted wallet) bezala ezagutzen da. Kriptoaktiboekin lan egiten bada truke-plataforma (exchange) baten bidez, baliteke erabiltzaileak eskuz inoiz erabili beharrik ez izatea gako pribatuen eta publikoen sistema.