Bloke-kateko (blockchain) lehen urratsak
Block-kateko (blockchain) lehen urratsak
Blockchain bat informazioa “banatuta” gordetzeko aukera ematen duen teknologia da. Informazioa bloketan gordetzen da, eta bloke horiek kriptografiaren bidez elkartzen dira elkarren artean, eta sareari gehitzen zaizkio kate bat osatzeko adostasun-mekanismoen bidez. Hortik hartzen du blockchain izena (bloke-kateak ingelesez).
Bloke-kate hori ez da leku bakar batean biltegiratzen eta ez du erakunde bakar batek bakarrik parte hartzen; izan ere, hainbat lekutan erreplikatzen da, eta parte-hartzaile edo nodo ugarik hartzen dute parte. Beraz, informazioa gordetzeko modu segurua da. Horrek esan nahi du, informazio hori aldatzeko, parte-hartzaile edo nodo horietako gehienen baimena beharko litzatekeela, eta, ondorioz, oso zaila da iruzurrez egitea.
Nola funtzionatzen du blockchain batek?
Bloke-kate baten (blockchain) barruan egiten diren transakzioak erregistratuta geratzen dira “kontabilitate-liburu (liburu nagusia) digital gisa har daitekeen batean. Katearen bloke bakoitzean denbora-tarte batean egindako transakzioen multzo bat erregistratzen da (adibidez, Bitcoinen kasuan, 10 bat minutu).
Behin transakzio-multzo hori egiaztatuta, horiek jasotzen dituen blokea blockchainen sartzen da. Blokeak elkarren artean kateatuta daude kriptografia erabiliz, eta bakoitzak, aipatu transakzioen zerrendaz gain, “hash” bat du; hau da, kode alfanumeriko bat, luzera finkokoa, algoritmo kriptografiko baten bidez sortua, eta datu-multzo bakar bat adierazten du (dokumentu bat, irudi bat…).
Bloke bakoitzak aurreko multzoko “hash-a” barne hartzen du, eta horrek blokeak (eta, hortaz, bloke horietan dauden transakzioak) elkarrekin lotuta egotea eragiten du. Aurreko bloke batean edozein aldaketa egiten bada, hurrengo blokeko “hash-a” baliogabetzen da. Aurrekoaz gain, blockchain batean ez dago transakzioen erregistro hori biltegiratzeaz arduratzen den erakunde zentralik, baizik eta sareko parte-hartzaile edo nodo ugari daude, eta erregistro horren kopia bat dute; hori dela-eta, “sare banatutzat” hartzen da.
Teknologia hori kriptoaktiboen arloan erabiltzeagatik ezagutzen den arren, aplikazio ugaritan ere erabiltzen da; hala nola, aktiboen jabetza egiaztatzeko, hornidura-kateak kudeatzeko edo online bozkatzeko.
Aldaezintasuna, erresilientzia eta trazabilitatea Bloke-kate bat aldaezintasuna, erresilientzia eta trazabilitatea emateko erabil daitekeela erakusten duen adibide bat elikagai-sektorean ikus daiteke.
Imajina dezagun barazkien hornidura-kate bat; lote bakoitza blockchain batean erregistratzen da landatzen den unetik azken kontsumitzaileak erosten duen arte. Lote horiek ekoiztu eta manufakturatu bitartean eskuz aldatzen diren bakoitzean, erregistroa automatikoki eta alda ezinezko moduan eguneratuko litzateke, trazabilitatea ahalbidetuz.
Aldaezintasuna blockchainak datuetan baimendu gabeko aldaketak saihesteko duen gaitasuna da. Aipatu moduan, blockchainean erregistratutako informazioa ez dago erregistro zentral batean biltegiratuta, baizik eta informazio horren kopia mordoa sareko nodo desberdinetan biltegiratuta aurkitzen da (hori dela-eta, “banatutako sare” gisa karakterizatzen da); beraz, zaila da informazioa iruzurrez aldatzea.
Erresilientzia blockchainak akatsen edo arazoen aurrean funtzionatzen jarraitzeko duen gaitasuna da. Erregistroaren kopia bat duten nodo ugariz osatutako sare banatua denez, sareko nodoren batek huts egiten badu, datuek eskuragarri egoten jarraituko dute beste nodo batzuetan.
Azkenik, trazabilitateak informazioa bloketan gehitzen dela esan nahi du, aurreko blokeei erantsitako informazioa aldatzeko aukerarik izan gabe. Horri esker, barazkien adibidean, bloke-katea zeharkatu daiteke, eta kontsumitzaileek zehatz-mehatz jakin ahal izango dute produktuak zer bide egin duen haien eskuetara iritsi arte.
Modu horretan, blockchaina erregistro aldaezina, erresilientea eta trazagarria da; hau da, erregistroak adostasunez gehitzeko aukera ematen duen datu-basea; bertan parte hartzen duten nodo guztiek iruzurrezko akats edo aldaketekiko erresistentea den sistema bat sortzen laguntzen dute.
Ezagutu bloke-kate (blockchain) mota ezberdinen arteko aldeak 
Baimendu gabeko bloke-kate publikoa (permissionless public blockchain)
Lehen blockchain mota izan zen, eta Internet bidez baimenik gabe informazioa eskuratzeko aukera ematen zuten blockchainei buruzkoa da. Blockchain mota honek bere datuak eta historiala nahiz softwarea eta garapena herritarrentzat irekita mantentzen ditu; beraz, edonork parte har dezake bertan nodo bezala eta/edo datu horiek berrikusi, ikuskatu, garatu edo hobetu ditzake. Baimendu gabeko blockchain publiko horien adibideak dira Bitcoin, Ethereum, Cardano, Solana edo Polkadot.
Bloke-kate pribatua (private blockchain)
Erregistro banatuko teknologiaren bilakaerarekin eta haren hedapenarekin, enpresa askok irtenbide pribatuak garatu dituzte, eta horiek, oro har, bloke-kate publiko baten elementu berak dituzte, baina baimendutako pertsonak bakarrik sar daitezke sarera, eta baimena behar da nodoa izateko eta transakzioak baliozkotzeko. Oro har, blockchain pribatu oro, definizioz, baimendutako sarea da.
Erakunde nagusi batek sarea kudeatu eta erabiltzaileei sarbidea ematen die; beraz, blokeetan sartutako informazioa ez da publikoa.
Blockchain teknologia pribatuen adibide dira Hyperledger, Corda edo Quorum.
Bloke-kate hibridoa (hybrid blockchain)
Baimendutako sare publikoak lirateke; hots, sare publikoen eta pribatuen arteko fusioa. Horietan, sarean parte hartzea baimenduta dago; alegia, erakunde batek edo batzuek kontrolatzen dute beren baliabideetarako sarbidea. Hala ere, erregistroa modu publikoan eskura daiteke, eta edonork azter dezake blokez bloke bertan gertatzen den guztia.
Bloke-kate mota horiek (blockchainak) oso erabilgarriak dira datuak modu seguruan biltegiratu eta partekatu nahi dituzten gobernuentzat, enpresa-erakundeentzat eta enpresa-taldeentzat; adibidez, osasun-sektorean erabili dira sendagaiak ekoizteko lerroetako datuak biltegiratzeko. Horixe da Pfizer enpresa farmazeutikoaren kasua; izan ere, 2017an, bloke-kate batean (blockchain) oinarritutako sistema bat garatu zuen bere txertoen eta osasun-produktuen trazabilitatea bermatzeko. Baimendutako sare publikoen beste adibide batzuk Hedera edo Alastria dira.
Blockchain eredu hau aplikatzearen helburua da gardentasun- eta konfiantza-maila handia izatea.