Saltar al contenido principal

Beste blockchain batzuk

Bitcoinek kriptografiari eta blockchain-ei buruzko aurretiazko hainbat azterketa erabili zituen, gaur egun ezagutzen dugun teknologiaren oinarriak ezartzeko. Hala ere, denboraren poderioz, premia berriak agertu ziren; esate baterako eskalagarritasun handiagoa behar izatea, memoria-gaitasun handiagoa edo beste bloke kate batzuk agertzea bultzatu zuten ikuspegi ezberdinak. ​​​​​​​

Banatutako erregistroen teknologia asko aldatu da Bitcoina 2009an agertu zenetik, eta izugarrizko hazkundea izan duenez, aplikazio berritzaile ugari sortu dira hainbat sektoretan. 

Nahiz eta Bitcoin eta Ethereum izan gehien ezagutzen diren bi blockchain-ak, beste asko daude. Ekosistema berri horiek hainbat arrazoi direla-eta sortu dira:

  1. Hobekuntzak teknologian: teknologia aldatzen joan den heinean, protokolo berriak sortu dira, eta horiek hobekuntza teknikoak dituzte azpiegituran eta adostasun-mekanismoetan eta baita eskalagarritasun handiagoa, transakzio-abiadura handiagoa eta hobekuntzak segurtasunean ere. 
  2. Ikuspegi eta helburu desberdinak: Bitcoin eta Ethereum helburu orokorreko plataformak dira, baina beste bloke-kate batzuk helburu espezifikoekin sortu dira. Adibidez, batzuk pribatutasunean eta segurtasunean oinarritzen dira; beste batzuk, berriz, token-en trukatzean edo aplikazio deszentralizatuak (dApp-ak) sortzean. 
  3. Lehia: beste edozein merkatutan bezala, lehia indar bultzatzailea da sektorean.  Blockchain asko Bitcoinekin eta Ethereumekin lehiatzeko eta aukera eskalagarriagoa eta funtzionaltasunak eskaintzeko sortu dira.  
  4. Eskalagarritasun-arazoak: Bitcoinek eta Ethereumek eskalagarritasun-arazoak izan dituzte erabiltzaile-kopuru handia izateagatik eta sareetan transakzio ugari egiteagatik. Protokolo berriak, hain zuzen ere, arazo horiei aurre egiteko eta sarean transakzio-bolumen handiagoa ahalbidetzeko sortu dira. 

Laburbilduz, blockchain berriak sortu dira teknologian hobekuntzak eta helburu eta ikuspegi espezifikoak eta lehia behar izateagatik eta daudenetan eskalagarritasun-arazoak izateagatik.


Polygon (POL)

Polygon blockchain-a Ethereum sarearen eskalagarritasun-arazoak nahiz kostu-arazoak jorratzeko sortu da. 

Polygon-en funtzionamendua Ethereumen jatorrizko saretik bereizitako alboko kate edo sidechain bat sortzean oinarritzen da, transakzioak modu independente eta azkarragoan baliozkotzeko alboko kate horretan, ondoren, Ethereumen jatorrizko blockchain-ean modu agregatuan eta laburtuan sartzeko. 

Horri esker, segundoko 65.000 transakzio baliozkotu daitezke gehienez, Ethereum sarean baino mila aldiz gehiago. 

Ethereumen exekutatzen diren aplikazioak eta smart contract-ak Polygon-en ere exekuta daitezke, EVM ere onartzen duelako.  

Polygon-ek bere jatorrizko token-a du, POL (lehen MATIC), ERC-20 estandarraren gainean sortua, eta plataformako moneta gisa eta sareko transakzio-tarifak ordaintzeko eta baliozkotzaileentzako pizgarri gisa erabiltzen da. Polygon-en adostasun-mekanismoa parta hartzeko proba da. 


Cardano (ADA)

Cardano “hirugarren belaunaldiko” blockchain bat da (bitcoin litzateke lehenengoa eta Ethereum bigarren belaunaldia). Horren jatorrizko token-a ADA da, eta Ethereum sarearen eskalagarritasun-, pribatutasun-, elkarreragingarritasun- eta iraunkortasun-arazoak jorratzen oinarritzen da. 

Cardanok Ouroboros izeneko adostasun-protokoloa erabiltzen du, Parte hartzeko probaren (Proof of Stake edo PoS) kontzeptuan oinarritzen dena, transakzioen baliozkotzea eta aplikazioen gauzatzea bi geruza desberdinetan bereiziz. Horrela, eskalagarritasuna errazten da.


Solana (SOL)

Solana “hirugarren belaunaldiko” beste blockchain bat da, eta horren jatorrizko token-a SOL da. Ethereum sarearen eskalagarritasuna eta abiadura hobetzeko lan egiten du.  

Solanak Historia Proba (Proof of History - PoH) izeneko adostasun-protokolo propioaren bidez funtzionatzen du. Hain zuzen ere, Parte hartzeko probaren (Proof of Stake o PoS) antzeko adostasun-protokoloa da, baina “denbora-zigilua” sartzen du transakzio bakoitzean. Horri esker, nodo baliozkotzaileek modu eraginkorrean jarduten dute baliozkotze-prozesuan, baliozkotzen dituzten transakzioak egiteko ordena zehazten denbora eta baliabiderik gastatu behar izan gabe. 


Polkadot (DOT)

Polkadot “hirugarren belaunaldiko” beste blockchain bat da, eta blockchain desberdinen arteko elkarreragingarritasunean eta haien arteko informazio-trukean oinarritzen da.  

Modu horretan, garatzaileek aplikazio deszentralizatuak (DApp-ak) sor ditzakete, eta horiek blockchain askotan lan egin dezakete, bakar baten mende egon gabe. Hori lortzeko kate nagusi bat (“errelebo-katea” edo Relay Chain deiturikoa), eta kate alternatibo desberdinak (parachain-ak) daude. Kate nagusiak koordinazio-mekanismo bat bezala funtzionatzen du, eta, bertan, aldizka, kate alternatibo bakoitzeko informazioa egiazkoa den ala ez egiztatzen da.


Avalanche (AVAX)Avalanche “hirugarren belaunaldiko” beste blockchain bat da, eta aplikazio deszentralizatuak (dApp-ak) garatzeko eskalagarritasunean, elkarreragingarritasunean eta segurtasunean oinarritzen da. Avalancheren jatorrizko token-a AVAX da, eta plataformako moneta gisa eta transakzio-tarifak ordaintzeko eta plataformako gobernantza-mekanismo moduan erabiltzen da. AVAXen titularrek, besteak beste, plataformako proposamen eta hobekuntzei buruzko botoa emateko eskubidea dute. 

Avalanchek hiru sare independente eskaintzen ditu, elkarren artean konektatuta daudenak:

  • Exchange-chain (X-chain): AVAXen transferentzia eta erregistro ekonomikoaz arduratzen dena
  • Platform-chain (P-chain): gobernantzan oinarritua
  • Contract-chain (C-chain): kontratu adimendunak gauzatzeaz soilik arduratzen den sarea

Avalancheri esker, garatzaileek beren azpisare pertsonalizatuak sor ditzakete sarearen barruan, ‘kate gurutzatuko zubiak’ erabiliz. Avalanchek “snowball” izeneko adostasun-mekanismoa erabiltzen du, baliozkotzaileak ausaz hautatzean oinarritzen dena. 

Gainera, Avalanchek lotura bat ezarri du Chainlink-ekin; hots, blockchain plataforma berezi batekin, orakulu gisa ezagutzen dena. Horrek mundu errealetik har dezake informazioa eta blockchain-era pasatu; era horretan, garatzaileek aktiboen prezioak eskura ditzakete denbora errealean eta gertakariei buruzko datuak katean ere bai. 

Baina horiek ez dira merkatuan aurki ditzakegun blockchain bakarrak. Gaur egun, ehunka proiektu existitzen dira: Ripple, EOS, Stellar, Cosmos, Algorand edo CELO, beste askoren artean. Horietako blockchain bakoitzak bere ezaugarri eta helburu espezifikoak ditu, eta horrek merkatuan bakarrak izatera bultzatzen ditu.