Saltar al contenido principal
Hasiera Cursos y webinars Kriptoaktiboak / Blockchain Kriptoaktiboak Banku Zentralen Moneta Digitalak (CBDC)

Banku Zentralen Moneta Digitalak (CBDCak, ingelesezko siglen arabera [Central Bank Digital Currency])

Batzuetan, entzun ohi dugu banku zentralek kriptodiru publiko bat aterako dutela. Horrek banku zentralen moneta digitalaren kontzeptua aipatzen du (CBDC, ingelesezko siglen arabera, [Central Bank Digital Currencies]). Ikusiko dugun moduan, ordea, ez dute inolako erlaziorik kriptoaktiboekin, material honetan aztertzen aritu garen bezala. 

Banku Zentralen Moneta Digitalak (Central Bank Digital Currency) banku zentral batek jaulkitako moneta digitalak dira. Banku horiek jaulkitako eskudiruaren antzekoak dira (euro-billeteak eta -txanponak, adibidez), baina, ohiko eskudirua ez bezala, ingurune digital batean erabiltzeko diseinatuta daude, eta gailu elektronikoetan transferitu eta gorde daitezke. 

CBDCak berrikuntza garrantzitsua izango lirateke gure moneta-sisteman; izan ere, dirua (esate baterako, euroa) ordezkatzeko modu berri bat izango lirateke: moneta publikoa izango litzateke, banku zentral batek jaulkitakoa, baina modu digitalean erabil daitekeena.

Banku zentralek beren moneta digitalak jaulki nahi dituzte, diru publikoak (gaur egun, billeteak eta txanponak soilik) gero eta digitalizatuagoa dagoen ekonomian duen rola indartzeko. Era berean, moneta digital horiek hirugarren enpresen mende dauden herrialdeen autonomia estrategikoa areagotzen lagun dezakete, beren ordainketak kudeatzeko, modu horretan sistema horiek erresilientzia handiagoa izatea bultzatuz. Horrez gain, moneta horiek ordainketa-sisteman lehia handitzen lagun dezakete, finantza-inklusioa alde batera utzi gabe, diru publikoaren izaera medio berariazko babesak emanez. 

Bestalde, CBDCak baita ere sortu dira stablecoin-en agerpenari erantzuteko, azken horiek gaitasun handiagoa baitute diru gisa erabiltzeko, eta oro har erabiliz gero, finantza-egonkortasuna arriskuan jar baitezakete. Beraz, CBDCek stablecoin horiek ordainbide gisa ez erabiltzea bultza dezakete.

Hona hemen CBDCek izan ditzaketen ezaugarri batzuk:

  • Elkarren artean truka daitezke, eta horiek jaulkitzen dituzten erakunde publikoek babestuta daude (billeteak eta txanponak). 
  • Gailu elektronikoetan gorde eta transferi daitezke; beraz, irisgarriak eta erabiltzeko errazak dira. 
  • Erregistro Banatuko Teknologia eta kriptografia erabil ditzakete; hortaz, beste segurtasun- eta pribatutasun-geruza bat dute transakzioetan. Hala ere, CBDC kontzeptuak ez du zerikusirik banku zentral bakoitzak erabiltzea erabakitzen duen irtenbide-mota teknologikoarekin (ez nahitaez blockchain). Ondorioz, CBDCak  ez dira nahastu behar kriptoaktiboekin. 
  • Finantza-transakzioekin loturiko kostuak murriztu ditzakete, bitartekariak behar ez direlako eta ordainketa-sistemetan lehia handitzen dutelako.

Europar Batasunaren kasuan, erregulazio berri bat lantzen ari dira eskudirua osatuko lukeen euro digitala garatzeko. Euro digital horrek:

  • Eskudiruarekin batera funtzionatuko luke eta kontsumitzaileek digitalki, azkar, merke eta seguru ordaintzeko duten eskari gero eta handiagoari erantzungo lioke. 
  • Ordainketa arruntak egiteko erabiltzen duten pertsona fisikoentzat ez luke kosturik izango, eta euro-eremuko edozein lekutan erabili ahal izango litzateke, inolako desadostasunik gabe. 
  • Gainera, euro digital hori offline moduan eskuragarri egoteko aukera aztertzen ari dira, telefono mugikorrik izan gabe edo Internetera edo sare elektrikora konektatuta egon gabe ordaindu ahal izateko, erresilientzia eta finantza-inklusioa areagotzeko modu gisa. Modalitate horrek pribatutasun indartua izango luke. 
  • Ez dago argi horren atzean zer teknologia egongo den, baina ziurrenik ez litzateke erregistro banatuen teknologia izango, baizik eta dagoen azpiegitura ahalik eta gehien berrerabiltzen ahaleginduko ginateke.